ZAISA TXINGUDIK EZ ZION AUKERARIK EMAN URIBEALDEARI (43-0)

https://api.clupik.com/clubs/3600/images/clubTransparent.png
Txingudi Rugby Club
2026ko urtarrilaren 12a
https://api.clupik.com/clubs/3600/images/clubTransparent.png
43-0
https://api.clupik.com/clubs/3673/images/clubTransparent.png
Zaisa Txingudi RC
Uribealdea B

ZAISA TXINGUDIK EZ ZION AUKERARIK EMAN URIBEALDEARI (43-0)

Norgehiagoka hasieratik menderatzeaz gain, erritmoa azken minutura arte mantendu zuen taldeak

Zaisa Txingudiren sasoi onak darrai eta Euskadiko bigarren mailako lehenengo itzulia garaipen sendo batekin amaitzea lortu du.

Uribealdearen aurkako partidak erronka zaila izan ziren pasa den denboraldian eta, ondorioz, indar handiz hastea ezinbestekoa zitzaien Iñigo Camarero eta Marc Dufrèchen mutilei.

Eta hala izan zen, hirugarren minutuan lehenengo marka lortu baizuten, Alejandro Lasaren eskutik, atzelariak bizkaitarren entsegu-eremutik gerru azkar ateratako zigor kolpe baten ondoren. Entsegua borobiltzeko, "Lutxo" Echevarriak eraldaketa sartu zuen (7-0).

Plaiaundiko zelaiaren egoera kaxkarrak ez zuen eragin handirik izan bi taldeen jokoan eta bai etxekoek zein bisitariek jokaldi ezberdinak kateatzeko aukera izan zuten, metroak irabaziz eta defentsak aktibatzea behartuz.

Bederatzigarren minutuan Mungiakoei puntuak gehitzeko lehenengo saiakera iritsi zitzaien, hagetara ostikatutako zigor kolpe batekin, baina baloia albo batetik atera zen Txingudiri jabetza berreskuratzeko aukera emanez.

Hamar minutu geroago, etxeko taldearen aurrelariek Uribealdearen zelaian metro asko irabazi ondoren, hiru laurdenek zabaldu zuten "Lutxo" Echevarriak defentsan zuloa aurkitu zuen arte, entsegu-eremuaren erdialdean bigarrena lortuz. Echevarriak berak eraldatu zuen 14 puntuko aldea jarriz markagailuan.

Mugakoak aurkariak baino gainetik zeudela erakusten ari ziren, baina orokorrean oso parekatuak zeuden.

26. minutuan, Uribealdeako jokalari baten hamar minuturako kaleratua izan zen eta Txingudik bere nagusitasuna nabarmentzen jarraitzeko aukera berri bat lortu zuen.

Honela, 33. minutuan, hiru laurdenen konbinazio berri batean, Alejandro Lasak defentsaren atzealdera baloia ostikada batez bidali zuen eta Ekain Hiribarrenek aukera aprobetxatu zuen taldearen hirugarren entsegua lortzeko (19-0).

Lehenengo zatia amaitzear zegoela, Odin Gutierrezek txartel horia jaso zuen eta Plaiaundikoek jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan ziren hamar minutuz.

Bigarren zatian Zaisa Txingudik erritmoa mantendu zuen eta entseguak laister iritsi ziren. Aurrelariek indarrez metroak irabazi ondoren, Joao Costak aurrera egin zuen baloiarekin, defentsa hautsi eta laugarren entsegua lortzeko (24-0).

Aldaketak egiteko aprobetxatu zuen Txingudik eta lesio ezberdinetatik bueltatzen ziren jokalariak zein debuta egin zuen bat ere atera ziren zelaira.

Jokoari neurria hartzen zioten bitartean, defentsan aritu behar izan zuen Irungo taldeak, aurkariaren erasoak ondo geldituz.

64. minutuan aurrelari eta hiru laurdenen konbinazio berri batek Koldo Segurolari puntuak lortzeko aukera eman zion (29-0) eta, sei minutu geroago, Alejandro Lasak defentsa hautsi zuen berriz ere, Juan Carlos Lorari baloia eman eta honek entsegua lor zezan. Lasak berak eraldatu zuen entsegua 36 eta 0koa jartzeko.

Txingudiko jokalariak, guztiz adoretuta, erasoan jarraitu zuten eta, Joao Costaren bultzada berri baten ondoren, baloia Jon Mediavillari eman zion azken metroak egin eta bost puntu gehiago lortzeko. Alejandro Lasak eraldaketa hagen artean sartu zuen (43-0).

Azkeneko jokaldian beste entsegu bat lortzeko zorian egon zen Zaisa Txingudi, izan ere, Alberto Robleda entsegu-eremura iritsi zen baloiarekin baina bizkaitarren defentsa azkar ibili zen hura saihesteko.

Zaisa Txingudiren hamabostekoa André Ferreira, Aitor Asurmendi (kapitaina), Joao Costa, Xabi Sánchez, Jon Mediavilla, Asier Gonzalez, Iker Tejero, Peio Castellano, Ioritz Franco, “Lutxo” Echevarria, Koldo Segurola, Eneko Martinez, Ekain Hiribarren, Odin Gutierrez eta Alejandro Lasak osatu zuten. Aulkian Julen Iglesias, Juan Carlos Lora, Alberto Robleda, Iñigo Sanchez eta Iñaki Lantxo hasi ziren. Epailea Juan Luis Diaz Peña nafarra izan zen.

Garaipenarengatik lau puntu gain, hiru entsegu baino gehiagoko aldea lortuta, bonus puntu bat lortu du Zaisa Txingudik, hortaz, hirugarren postuan finkatzen da taldea 24 punturekin, bigarrenetik hamahiru puntura eta laugarrenarekin berdinduta.


Argazkiak: Jorge Lopez Lorigados: Zaisa Txingudi eta Uribealdea Bren arteko norgehiagoka


0 Iruzkinak
Hasi saioa edo erregistratu iruzkinak egiteko